Martxoaren 15ean Beasainen lehen aldiz egingo den mendi lasterketa baten berri eman nahi dizugu. 11 edizioren ondoren Arriarango mendi lasterketaren ibilbidea bukatutzat eman da aurten, eta horregatik utzitako hutsunea betetzeko BEALAK TRAIL mendi lasterketa antolatu du Bealak atletismo klubak.
Ibilbideak
Lasterketa Loinazpe ikastetxetik abiatuko da eta 2 distantzia izango ditu:
- Laburra: 13km / 850 mD+
- Luzea: 23km / 1400 mD+
Kategoriak
Kategoriei dagokienez 3 egongo dira: lasterketa bakoitzeko lehen neska, mutil eta herritarra sarituko dira.
Zerbitzuak
Korrikalariek kamiseta bana jasoko dute, oparien zozketan parte hartuko dute eta irteera/helmuga gunearen ondoan dagoen kiroldegia erabili ahal izango dute dutxatzeko.
Izen emateak
Izen emateak irekita daude eta Herrikrosa plataforma erabiliz egin daitezke helbide hau erabiliz: www.herrikrosa.eus
Lasterketa laburreko prezioa 19€koa da eta luzekoarena 24€ aurrez egiten diren izen emateentzako. Lasterketa egunean egiten direnek 25€ eta 30€ko prezioa izango dute.
Aurten Goierri Kopa Trailetik at
Pena handiz aitortu behar dugu ez dela gure erabakia izan. BEALAK TRAIL mendi lasterketaren kronometrajea egiteko, duela 15 urtetik BEASAINGO HERRI LASTERKETA kronometratzeko erabiltzen dugun berdina erabiltzea erabaki dugu. Arrazoi nagusienak bi dira: alde batetik sistema askoz ekonomikoagoa da eta bestetik oso eraginkorra. Arrazoi honengatik, eta kopako gainontzeko antolakuntzek beste sistema bat erabiltzeagatik, kanpo gelditu gara. Bealaketik ahalegin guztiak egin ditugu kopan jarraitzeko, gure taldeko informatikari profesionalak prest genituen bi sistemen arteko edozein motatako integrazioa egiteko baina ez digute aukera hori eman.
Informazio gehiago
BEALAK TRAIL lasterketaren azken berriak izateko sartu gure webgunean: www.bealak.com
Bertan ere 2 ibilbideen track-ak aurkituko dituzue.