Oier Ariznabarreta, azken zortzi edizioetako irabazlea, ez da lehiatuko dortsal guztiak agortu dituen proban
Larunbatean, hilak 13, haurren lasterketak egingo dira, eta Xabier Zarranzen ‘212 Mountains’ dokumentala proiektatuko da
500dik gora parte hartzaile arituko dira Berako Mendi Maratoi Erdiaren hemezortzigarren edizioan, datorren igandea, apirilak 14ean. Martxoaren hasieran salgai jarri ziren 525 dortsalak agortu egin dira, eta lasterketak berriz ere bortzehun korrikalari baino gehiago izango ditu.
Oier Ariznabarreta, Berako Maratoi Erdiko azken zortzi edizioen irabazlea, baja izan da eta ez da irteera-lerroan egonen. Durangoko korrikalaria, 2014tik errekorra daukana (ordu bete, 37 minutu eta 30 segundo), ez egoteak faboritoen zerrenda zabaltzen du. Irteeran izango dira Josu Urrestarazu, iazko bosgarrena eta aurtengo Sara Korrikaren irabazlea; Xabi Zarranz, 2019an hirugarrena; eta Damien Saint Martin, 2023an seigarrena.
Emakumezkoen kategorian Maddalen Jimenez eta Ane Elzaurdia, iazko bigarrena eta hirugarrena, eta Maria Zorroza, 2017ko irabazlea, lehiatuko dira, bertzeak bertze.
89 emakumek hartuko dute parte lasterketan. Korrikalarien artean Luis Lasa Ibartarrak ez du hutsik eginen, orain arteko 17 edizioetan parte hartu duena. Gainera, Berako xxx korrikalari ere izanen dira.
Goizeko 9.30tan izanen da irteera, eta lehen korrikalaria 11.10 aldera iristea aurreikusten da.
Halaber, ez dira faltako parte-hartzaileen arteko ohiko zozketak, ez eta Ricardo Baroja Eskolako pilotalekuan sari-banaketa ondotik zerbitzatzen den luntxa ere.
Guztira, gizonezkoen eta emakumezkoen kategoria absolutuetako lehenengo bost sailkatuen artean 1.750 euro banatuko dira esku dirutan, gizonezkoen eta emakumezkoen errekor bakoitzerako bertze 150 euro ere erreserbatzen direlarik, eta baita Ibardingo tarteko helmugarako bertze 150 euro.
PLASTIKOZKO EDALONTZIRIK GABE ANOA-PUNTUETAN
Berako Mendi Maratoi Erdiak ohiko anoa-puntu guztiak mantenduko ditu, baina ez da plastikozko edalontzirik egonen. Mendiko lasterketetan ohikoa den bezala, korrikalari bakoitzak bere edalontzia eraman beharko du anoa-puntuetan urez edo edari isotonikoz hornitzeko. Hala, lasterketaren ingurune naturalean plastikoaren erabilera murriztu nahi da.
GAZTE TRAIL, IGANDEAN ERE
Manttalek berriro antolatuko du Gazte Traila, 14 eta 18 urte bitarteko gaztetxoentzako lasterketa.
Probak 9,5 kilometroko ibilbidea izanen du, 387 metroko desnibela, eta bi kategoria: 2006-2007an jaiotako korrikalarientzat bat, eta bertzea 2008an, 2009an eta 2010ean jaiotakoentzat.
Lasterketa 10.00etan aterako da, eta azken zatia mendi maratoi erdian egiten den ibilbidearen antzekoa izanen da.
XABIER ZARRANZEN ‘212 MOUNTAINS’ DOKUMENTALA
Lasterketako aperitibo gisa, apirilaren 13an, larunbata, 19.00etatik aurrera Berako kultur etxean Xabi Zarranzen ‘212 mountains’ dokumentala proiektatuko da. Luis Arrietak zuzenduta, Bilbao Bizkaia Film Festival entzutetsuaren azken edizioan parte hartu zuen zintak, eta Zarranzek 3.000 metrotik gorako Pirinioetako 212 mendietan oinez zein bizikletaz egindako ibilaldia kontatzen du.
Korrikalariak berak aurkeztuko du dokumentala, eta biharamunean lasterketan parte hartuko du.
Euskaraz proiektatuko den eta gaztelaniazko azpitituluak dituen dokumentala ikusteko sarrerak 3 eurotan eskuragai izanen dira, proiekzioaren egunean bertan, kultur etxean
HAURRENTZAKO LASTERKETAK
Lasterketaren bezperan ere haurrentzako lasterketak eginen dira Matzadako futbol-zelaiaren inguruan. Izen-ematean 15.00etan irekiko dira eta lasterketak 16.00tatik aurrea eginen dira, lau kategoria eta distantziatan banatuta:
- 6-7 urte. (2017-2018an jaioak). 250 metro
- 8-9 urte. (2015-2016an jaioak). 650 metro
- 10-11 urte. (2013-2014an jaioak). 1.450 metro
- 12-13 urte. (2011-2012an jaioak). 2.050 metro
Izen-emateak doakoak dira eta www.manntale.com edo lasterketen egun berean egin daitezke. Irabazleek ez dute saririk izanen, baina parte-hartzaile guztiek opari bana jasoko dute. 6 urtetik beheitikoek ere parte hartu dezakete.
Lasterketen amaieran merienda bat eginen da parte-hartzaile guztientzat.
LASTERKETA IKUSTEKO TXANGOAK
Lasterketa-egunerako bi ibilaldi gidatu antolatu dira, korrikalarien ibilbidea ikusteko.
Lehenengo txangoa 8.30etan aterako da irteeratik, Larunerantz, 14 kilometro inguruko ibilbidearekin.
Ordu erdi geroago, 9.00etan, bertze ibilaldi bat abiatuko da, Landagainetara, 10 bat kilometrokoa.
PROGRAMA ETA ORDUTEGIAK
2024/4/13 LARUNBATA
16.00 Haurrentzako lasterketak. Matzada futbol zelaia
17.00-18.30 Dortsalak ematea. Berako kiroldegia
19.00. Xabier Zarranzen ‘212 mountains’ dokumentala. Berako Kultur Etxea
2024/4/14 IGANDEA
8.30 Bera-Larun-Bera txangoaren irteera, lasterketa ikusteko.
Distantzia: 14 km.
9.00 Bera-Usatitak-Landagaita-Bera txangoaren irteera, lasterketa ikusteko.
Distantzia: 10 km.
8.00-9.00 Dortsalak ematea. Berako kiroldegia
9.30 Berako Mendi Maratoi Erdiaren irteera.
10.00 Gazte Trail-aren irteera
11.10 Lehen korrikalariaren gutxi gorabeherako iritsiera.
12.50 Azken korrikalariaren gutxi gorabeherako iritsiera.
13.30 Sari-banaketa eta luntxa