Web
Analytics
Abiatu dira Ehunmilak eta Goierriko Bi Haundiak probetako partaideak - Lasterketak.eus Abiatu dira Ehunmilak eta Goierriko Bi Haundiak probetako partaideak - Lasterketak.eus

Abiatu dira Ehunmilak eta Goierriko Bi Haundiak probetako partaideak

Arratsaldeko seietan puntuan hasi dira ultratrailak, 460 kirolarirekin

Hasi da. Goierrin inoiz antolatu den lasterketa handienean aurreneko pasuoak eman dituzte 460 korrikalarik. Ehunmilak ultra trail probako 320 partaide eta Goierriko Bi Haundietako beste 140 18:00etan puntuan abiatu dira Beasaingo Loinazko San Martin plazatik. Txalaparta soinuarekin eta aurreskua eginez eman diete abiera. Beasaingo alkate Patxi Plazaolak eta Arrastaka talde antolatzaileko Mikel Valdivielsok esker hitzak eta animoak eman dizkiete. Suziria lehertu, eta 167 eta 87 kilometroko bideari ekin diote.

Erritmo lasaian baina korrika asko, ibili bizkorrean besteak. Kale Nagusian gora egin eta Usurberago aldapari heldu diote berehala, ikusle ugariren txalo artean. Lehen kilometroak soilik egingo dituzte bi probetako partaideek batera; Ehunmilakekoak Izazpiko leporantza, mendebalera, hartuko dute Usurbe barrenetik, eta G2H-koek ekialdera.

Parte hartzaileak iritsi dira Beasaina, eta goizean goizetik nabarmena da Beasainen proba hastear dela. Ibilbidean zehar beharko dituzten poltsak uzten ari dira une honetan korrikalariak, eta lehen beroketak egiten ere bai. Proba 18:00etan hasiko da Beasaingo San Martin plazan. Mandubiara igo beharko dute lehenengo, eta bertako kontrola igaro ondoren Kizkitzako ermita igaro beharko dute. Zumarragara Antio ondotik igaroz helduko dira, arratsaldeko 20:00ak inguruan, eta handik Santa Barbara, Azkarate mendatea, eta Elosua, Erlo eta Zelatungo tontorrak igo beharko dituzte. Tolosan atseden hartzeko aukera izango dute, Amezketatik barrena Txindoki eta Ganbo igo aurretik. Lizarraustira joan beharko dira ondoren, eta handik Etxegaratera. Bertan lo egiteko amakak eta anoa postua izango dituzte korrikalariek. Bihar goizean igaroko dira Aizkorritik, eta handik Oazurtza, Mutiloa, Liernia eta Españolamendia igarota bihar 16:00ak eta 18:00ak bitartean helduko dira korrikalaririk azkarrenak Beasaingo helmugara. Larraiztik aurrera Goirriko Bi Handiak probako korrikalariek ere ibilbide bera egin beharko dute. G2Hko korrikalariak 23:00etan irtengo dira Beasaindik, eta lehen mendizaleak bihar eguerdi aldera helduko dira helmugara.

Iturria: www.goierrikohitza.info

Artxibo
Event Search