Angel Garcia izan zen azaroaren 23an Larraitzeko aparkalekua (Abaltzisketa – Gipuzkoa) eta Zegamako plaza (Gipuzkoa) lotzea lortu zuen parte-hartzaile bakarra, Marizuloko (Txindoki – Aralar), Lezaundiko (Urbasa) eta Altzaniako mendilerroko (La Leze) haitzuloetatik igaroz.
07:00etan puntuan abiatu zen Mariren Kobak Trail lasterketaren bigarren edizioa, Larraitzeko aparkaleku ezagunetik, Txindokiren magaletik. Aurten eguraldiak euriarekin su-etena eman zuen, baina hotza eta haizea protagonista izan ziren egun osoan zehar, abentura euskal mitologiarekin eta mistizismoarekin lotzen dituen ekimenean.
Irteera hartu zuten 19 parte-hartzaileak berehala iritsi ziren Txindoki mendiko Marizulo kobazulora, bertan Galtzagorria zeuzkaten zain. Hortik, Aralarko mendilerro osoa zuten gurutzatzeko, Lakuntzako lehen asistentzia gunera iritsi aurretik. Igaratzatik gertu, Pablo Angulo eta Zigor Iturrieta bizkaitarrek, Iker Karrera gipuzkoarrak eta Angel Garcia Coruñan bizi den salamankarrak osatutako lehen taldea hautsi egin zen, azken horrek aurrea hartuta. Lakuntzara hamar minutuko aldea atera zion Pablo Angulo iazko txapeldunari eta atzerago iritsi ziren Iker Karrera eta Zigor Iturrieta. Puntu horretan, parte-hartzaile guztiek kaskoa eta arnesa hartu behar zituzten eta Beriango kanalerantz jo, non, bizi-lerro baten bidez, San Donato ermitarako igoera bideratu behar ziren Andia mendilerroan.
Horixe izan zen abenturaren dinamika, Angel Garcia buruan, Pablo Angulo atzetik zuela, eta gainerakoek distantzia handiagoarekin. Lizarragako mendateko bigarren asistentzia gunean, sorgin-akelarre batekin eta festarako gogoz zebiltzan momotxorro batzuekin topo egin zuten parte-hartzaileek.
Bigarren kobazuloan, Urbasako parke naturalaren barruan, Lezaundiko kobazuloan, Lamiak zeuden zain, bigarren harriarekin, puntu horretara iritsi ziren 12 parte-hartzaileei emateko. Horien artean, probako emakumezko bakarra, Uxue Fraile, iaz Zegamako helmugara iritsi zena, baina aurten abenturan jokoan zeuden hiru harrietatik birekin konformatu behar izan zuena. Parte-hartzaileetako bi uretako izaki mitologikoetatik oso gertu igaro ziren, baina ezin izan zuten kobazuloaren sarrera aurkitu.
Harririk eta izaki mitologikorik izan ez arren, Lubierriko haitzuloa nahitaezko pasabidea zen Urbasako kanpinean baimendutako hirugarren asistentzia-puntura iritsi aurretik. Puntu horretatik, Angelek eta Pablok bakarrik jarraitu ahal izan zuten, 16:00etako antolakuntzak jarritako mozketa pasata, eta bien artean ordu erditik gorako diferentzia zeramaten.
La Lezeko hirugarren eta azken kobazuloan, Altzaniano mendilerroan, Mari eta Basajaun berbera zeuden puntu horretara iritsi ziren bi korrikalari bakarren zain. Bi partaideek behar bezala tratatu zuten Mari, inoiz begietara begiratu gabe eta inoiz bizkarrik eman gabe.
Angel García raidetan (World Cup 2012ko irabazlea Kalifornian, Top10 Munduko Reunion Uhartean 2019an eta 11 aldiz Espainiako raid txapeldun) eta orientazioko BTTn (3 aldiz 2020ko Europako txapelketan) adituak 11 ordu eta 48 minutu behar izan zituen 90,7km-ko ibilbidea egiteko 3.980m-ko desnibel positiboarekin Zegamako plazara garaile iristeko. Puntu horretan ikusmin handia zegoen helmuga nork zeharkatuko zuen ikusteko (lasterketaren ikurra den fuetekin eginda, parte-hartzaileek eraman behar dituzten alkandorekin batera). Antolatzaileek antolatutako 12 orduen barruan iritsi zen bakarra izan zen.
Behin helmugan irabazleak aurrea ustekabean hartu zuela esan zuen, “antolakuntzak markatuta zuen tracka ikusi nuen eta zelai batean diagonal bat egitea erabaki nuen. Beste nonbaitetik sartu ziren besteak eta ez nituen ikusi. Asistentzia postura iritsi naizen arte ez nekien buruan nindoala “. Behin lehen postuan joanda “mapaz mapa, helburu txikiz helburu” joan zela adierazi zuen, burua Zegaman jarrita beti. Aitortu zuenez, “lasaiago iritsiko nintzela uste nuen, baina azken ordua hegan pasa zitzaidan, eta kosta egin zait iristea, asko estutuz, eta iristen ez nintzela pentsatuz. Asko gustatu zait lasterketa honen formatua”.
Bigarren helmugan, Pablo Angulo Berangoko korrikalariak 12 ordu eta 59 minutu behar izan zituen guztira eta 95 kilometro egin zituen. Oraingoan garaiz kanpo iritsi da, baina esan dezakegu bakarra dela bi Mariren Kobak Trail osorik burutzen eta Mariren 6 harri etxean dituena.
Informazio gehiago gure instagram-ean @marirenkobaktrail.