Aritz Egea mendi korrikalariak Azaroaren 14n “Eguzkiak iraun bitartean” elkartasun erronka burutuko du Izazpi mendian. “SuperH” eta “Baila con EM” elkarteek babesten dituzten ikerketa proiektuei laguntzeko dirua biltzea izango du ekintzak helburua. Horretarako, Ezkiotik Izazpi mendira eguzkia irteten denetik ezkutatzen den arte joan etorrian ibiliko da.
Aritz Egea euskal mendi korrikalariak, Azore uharteetan asteburu honetan jokatu den Golden Trail Championship-a amaitu berritan, elkartasun erronka bat du begitan bi aste barrurako. Azaroak 14ean goizeko 08:02etan Ezkiotik irten eta Izazpi mendi tontorrera (973m.) 17:47 bitartean joan-etorrian ibiliko da etenik gabe. Hau da, eguzkia irteten denetik ezkutatzen den arte zenbat itzuli egiten dituen izango da ekintza. Joan-etorri bakoitzak 12,59 kilometro ditu eta 750 metroko desnibel positiboa, hemen ikusi dezakezue ibilbidea.
Erronka sinbolikoa izango da, benetan garrantzitsua kirolari zein kirol klubek dohaintzan emandako materialen zozketaren bitartez dirua lortzea izango baita. Bildutako dirua SuperH (haur minbizia) eta Asier de la Iglesia gipuzkoar saskibaloi jokalariak sortutako, Baila con EM (Esklerosi anizkoitza) elkarteei bideratuko zaie. Zehazki, bi elkartea hauek babesten dituzten ikerketa proiektuei laguntzeko izango da. Izan ere, ikerkuntza ezinbestekoa baita edozein gaixotasunen ezagutzarako. Elkarteen eta erronkaren informazio gehiagorako egin klik hemen.
Kronoak.com web orriaren bidez erosi ahal izango dira zozketetan parte hartzeko txartelak eta baita zuzenean bi elkarte hauei dohaintza egiteko aukera ere egongo da. Hainbat kiroletako materiala dago zozketan, saskibaloiko baloietatik hasi eta txirrindularitzako maillot eta ekipazioetaraino, nola ez mendi eta mendi lasterketen mundutik pasata. Eskerrak eman nahi dizkiegu gure deiari erantzun dieten kirolari eta kirol klub guztiei gurekin kolaboratzeko erakutsi duten prestutasunagatik. Bioracer eta Etxeondo etxeen txirrindularitza ekipazioak; Alex Aranburu, Markel Irizar eta Gari Bravoren maillot-ak; Pou Anaien, Patxi Usabiaga eta Alex Txikonek emandako materiala; Athletic, Eibar eta Errealeko taldeen kamisetak; Salomon etxearen zapatilak eta kamiseta; Laia Sanz-en motorreko kamiseta; Nuria Picas, Sheila Aviles, Maude Mathys, Stian Angermund, Jim Walmsley, Bart Przedwojewski, Pablo Villa eta Pau Capel mendi korrikalarien materialak eta askoz gehiago aurkituko dituzue zozketetan.
Atxikituta bidaltzen dizuegu kirol elkartasun ekintza honetarako Kilian Jornet mendi korrikalari ezagunak egin digun irudia. Ekimenaren berri eman bezain pronto bere aletxoa jartzeko zalantzarik ez zuen izan Norvegian bizi den kirolari kataluniarrak.
Eskerrak eman nahi dizkiegu baita ere proiektuari hasieratik babesa erakutsi dieten Ezkioko udalari eta Salomon etxeari.
Gure sare sozialen bidez joango gara informazioa eguneratzen (Facebook eta Instagram).
Harremanetarako
Email-a: [email protected]
Aritz Egea: 685 72 51 47