Web
Analytics
Behobia-Donostiarako entrenamendua bihurtu da 15 kilometroko lasterketa - Lasterketak.eus Behobia-Donostiarako entrenamendua bihurtu da 15 kilometroko lasterketa - Lasterketak.eus

Behobia-Donostiarako entrenamendua bihurtu da 15 kilometroko lasterketa

IRUTXULOKO HITZA. Iristear da Donostiako 15 kilometroko Lasterketa Klasikoa, hamaseigarren urtez. Partaidetza marka hautsiko du lasterketak aurtengoan ere, 5.000 korrikalarirekin; gainera, emakumeen partaidetza %20 izango da, eta Gipuzkoatik kanpoko 900 korrikalarik parte hartuko dute. Ez da harritzekoa halako arrakasta izatera iristea, izan ere, atzoko aurkezpenean antolatzaileek argi utzi zuten moduan, korrikalari askori Behobia-Donostia prestatzeko balio izaten die. Gainera, askoren artean lan egiten dute urtero, guztia prest egon dadin, Fly Group enpresa buruan dela. Edonola, espero gabeko antolakuntza arazoak izan badituzte ere, ongi baino hobeto moldatu dira. Izan ere, behin data jarrita, Legebiltzarrerako hauteskundeekin eta Reala-Atletiko Madril Anoetako partidarekin bat egingo dutela jakin dute. Azken batean, Donostiar guztiek bozkatzera joateko arazorik izan ez dezaten, eta realzaleak Anoetara arazorik gabe irits daitezen, neurri bereziak hartu dituzte.

 

Hiru aste dira Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidente postua Mikel Odriozolak hartu duela, eta pozik agertu zen agerraldian. «Halako kirol ekimenak eta atletismokoak, bereziki, bultzatzen jarraitu behar dugu», aipatu zuen. Fly Group enpresak 15 kilometroko lasterketa babesten duela hiru urte dira. Atzokoan, Mikel Huartek hitz egin zuen, eta Realak zenbait aldaketa egin dituela jakinarazi zuen, lasterketak 16:00ak arte estadioan arazorik gabe egon ahal izateko.

Abel Antonek parte hartuko du
Korrikalariekin batera, bederatzi elbarrik ere parte hartuko dute, baita 400 patinatzaile inguruk ere. Gainera, bisita berezi bat ere izango da hirian, Abel Anton korrikalari ezagunak parte hartuko baitu lehian. Soriako korrikalaria Europako 10.000 metroetako txapelduna izandakoa da, eta Munduko txapelduna izan zen bi aldiz; 1997an Atenasen eta 1999an Sevillan. Oraindik korrika egiten jarraitzen du, beste maila batean bada ere. Widex Marathon Team taldearekin parte hartuko du Antonek, Lasterketaren egunean, jo eta ke lanean ariko dira udaltzaingoa eta mugikortasun arduradunak. Lasterketaren lehenengo ordu erdian, errepidearen bi bide itxiak egongo dira, baina lasterketak aurrera egin ahala, pixkanaka irekitzen joango dira, hiria normaltasunera itzuli dadin. Horretaz gain, leku batzuetan desbideratzeak egingo dituzte. Tolosa hiribidean esaterako, Igara eta unibertsitateen artean, Beriotik irekiko dute bidea, Europa plazan eta Olarain kalean; Morlans inguruan, berriz, Urbietan, Pedro Egaña eta Autonomia kaleak erabili beharko dira. Horretaz gain, udaltzaingoak eta borondatezko norbanakoak lanean ariko dira, oinezkoei errepideak gurutzatzen laguntzeko.

15 kilometroko Lasterketa Klasikoa

Noiz. Urriak 21, igandea. Patinatzaileen irteera 9:45ean izango da, Elbarriena 9:55ean eta gainontzeko korrikalariak 10:00etan irtengo dira.
Non. Madril Hiribidean izango du irteera eta Anoeta estadioan bukatuko da.
Gehienezko denbora. Ordu bat eta 45 minutu.
Ezaugarriak. Autoentzako zirkulazioa itxia egongo da, bosgarren eta hamargarren kilometroetan denborak neurtuko dituzte, ibilbide laua izango da, belodromoan dutxa zerbitzua izango dute partaideek…
Izen ematea. www.15kmsansebastian.com webgunean egin behar da, eta urriaren 16a da azken eguna. Txipa dutenek 20 euro ordainduko dituzte, eta txipa alokatu behar dutenek, berriz, 22 euro.
Hiru Hondartzetako Krosean ariko dira 3.100 lagun igandean: Hiru Hondartzetako Krosa igandean jokatuko dute, urriaren 14an; Donostiako Jakintza Atletismo Klubak eta Cervezas Amstelek babestuta. Antolatzaileek 3.100 dortsal banatzea aurreikusten zuten, eta dagoeneko 2.700 baino gehiago banatu dituzte. Beraz, parte hartu nahi duenak, arin ibili beharko du, www.lasterketak.com webgunean. Izen emateak 12 eta 28 euro arteko prezioa dauka, txiparen arabera. Zehazki, txipa, dortsala eta kamiseta larunbatean, urriaren 13an, jaso beharko dituzte partaideek. Alderdi Ederren jarriko dute horretarako karpa, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Bestela, lasterketaren egun berean irteera baino ordubete lehenago jaso ahalko dira.

Artxibo
Event Search