
Aurten lasterketa Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuituaren parte izanen da ere, eta gazteena Nafarroako Kirol Jokoen barne.
Berako Mendi Maratoi Erdiko hemeretzigarren edizioa apirilaren 13an izanen da eta parte hartzeko izen-ematea martxoaren 5ean, asteazkenean, irekiko da www.pb-organisation.com web orrialdean 15.00etatik aitzinera.
525 dortsal eskainiko dira. Hala ere, dortsal guztiak amaituko balira, izen-ematea apirilaren 10ean bukatuko da.
Izen-ematearen prezioa iazko bera izanen da: 33 euro korrikalari federatuentzat eta 35 eurokoa federatu gabeentzat. Bertzalde, izena emateko ez da beharrezkoa aldez aurretik pb-organisation.com webgunean erregistratzea.
Berako Mendi Maratoi Erdia Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuituan sartzen da. Zirkuituak 24 proba ditu, eta Berakoa baliagarria izango da Nafarroako sailkapenerako, urtean zehar zirkuituko lasterketa guztiak puntuatzen baitira.
Iaz bezala, aurten ez da edalontzirik egonen jan-edanak hartzeko tokietan eta norberak berea eraman beharko du.
GAZTE TRAIL
Aurreko edizioen antzera, aurten Gazte Trail antolatu dute ere, 14 eta 17 urte bitarteko gazteei bideratuta. Izan ere, lasterketa hau Nafarroako Kirol Jokoetan sartzen da ere.
Gazte Trail hirutan zatituta dago: haur-kategoria (2011-2012an jaioak), kadeteak (2009-2010ean jaioak) eta gazte-kategoria (2007-2008an jaioak), eta adinaren arabera, distantzia ezberdinak egin beharko dituzte. Era berean, izen-emateak www.pb-organisation.com webgunean irekiko da martxoaren 5ean, 7 euroren truke.
HAURRENTZAKO LASTERKETAK
Berako Mendi Maratoi Erdiaren bezperan, apirilak 12, haurrentzako lasterketak eginen dira Matzada futbol zelaian. Izen-ematea arratsaldeko 15.00etan irekiko da eta probak 16.00etatik aitzinera izanen dira, lau sailkapen eta distantziak desberdinduz:
- 6-7 urte (2019-2018an jaioak) 250 metro
- 8-9 urte (2017-2016an jaioak) 650 metro
- 10-11 urte (2015-2014an jaioak) 1.450 metro
- 12-13 urte (2013-2012 jaioak) 2.050 metro