Web
Analytics
GORBEIA SUZIEN MERRELL 2024 SKYRUNNER WORLD SERIESETAKO PROBA IZANGO DA - Lasterketak.eus GORBEIA SUZIEN MERRELL 2024 SKYRUNNER WORLD SERIESETAKO PROBA IZANGO DA - Lasterketak.eus

GORBEIA SUZIEN MERRELL 2024 SKYRUNNER WORLD SERIESETAKO PROBA IZANGO DA

GORBEIA SUZIEN MERRELL 2024 SKYRUNNER WORLD SERIESETAKO PROBA IZANGO DA
  • Larunbat honetan, irailaren 28an, Zeanurik Gorbeia Suzien mendi lasterketaren hamaikagarren edizioa hartuko du. Aurten Skyrunning Munduko Kopako proba izango da.
  • Nazio ezberdinetako korrikalariak munduko onenak izateko lehiatuko dira 32 kilometroko ibilbidean eta 2.400 metroko desnibel positiboan
  • Gorbeia Suzien Merrell 2024k 32 eta 21 kilometroko urteroko bi lasterketei eusten die, eta 800 parte-hartzaileek Gorbeiako Parke Naturaleko malda gogorrei aurre egin beharko diete
  • Skyrace lasterketa 9:00etan hasiko da, eta 21K lasterketa 11:00etan abiatuko da. Biak Zeanuriko plazan hasiko dira.
  • Doako autobus zerbitzu batek publikoa Zeanuritik Pagomakurrera, eta Areatzatik Pagomakurrera hurbilduko du, korrikalariak animatzeko aukera izan dezaten
  • Green Label ziurtagiria lortzeko lanean ari da Gorbeia Suzien

BBK Salan egin da gaur goizean Gorbeia Suzien Merrell lasterketaren hamaikagarren edizioaren aurkezpena. Aurtengoa ISF-k, Nazioarteko Skyrunning Federazioak, antolatzen duen Munduko Kopako proba izango da, hori dela eta Gorbeiako aldapek puntu erabakigarriak banatuko dituzte gizonezkoetan eta emakumezkoetan Munduko Kopa irabazi nahi duten korrikalarien artean.

Zirkuitua martxoaren 2an hasi zen La Palmako Acantilados del Norte Skyrace lasterketarekin, eta Frantzia, Mexiko, Austria, Espainia, Thailandia, Portugal, Hego Korea, Malasia, Kanada, Peru, Suitza, Italia, Turkia eta Euskal Herria igaroko dituzten 21 proba hartuko ditu bere baitan. 4 kontinente, 13 herrialde, 21 proba.

SKYRACE 32K. SKYRUNNING MUNDUKO KOPAKO PROBA

Bai gizonezkoen sailkapena bai emakumezkoena oso estu iritsi dira Gorbeia Suzien Merrel 2024ra.
Gizonezkoetan Roberto Delorenzi da liderra 17.916 punturekin, Daniel Antonioli da bigarrena 14.480 punturekin, eta Lorenzo Beltrami hirugarrena 13.966 punturekin.

Emakumezkoetan Hillary Gerardi da liderra 18.600 punturekin, Karina Carsolio da bigarrena 16.840 punturekin, eta Oihana Kortazar hirugarrena 16.200 punturekin.

Azaroaren 16an Marató del Dements, munduko txapelketako finala, irabazteko lehian ari diren korrikalari hauek goizeko 9:00etan irtengo dira Zeanuriko Plazan. San Justoko ermitan gora egin ondoren Gorbeiako parke naturalean barneratuko dira. Igoera aldapatsuak izango ditu hasierako tarte horretan. Malkar horiek gainditu eta Zanburura iritsita, Lekanda ingurura abiatuko da ahalik eta biderik zuzen eta bizkorrena hartuz. Gain harritsu honetara iritsi baino lehenago Arrabako zelaietarantz joko dute. Arraba osteko gailurretik Zastegiko eremura helduko dira eta hortik abiatuko dira Gorbeiako tontorrera. Ondoren, Azero ingurura jaitsiko dira, bertatik, azken igoera gogorrari helduko diotelarik. Han izango dute zain Aldamin.  Amaitzeko, jaitsiera luze bati ekingo diote Zeanuriko helmugara iritsi arte, tartean igoera labur pare bati aurre egin ondoren.

Guztira 32 kilometro eta 2.400 metroko desnibel positiboa du Skyrace lasterketak.

21K

21 kilometroko lasterketak 1.200 metro desnibel positiboa izango du eta hau ere herrigunetik abiatuko da: San Justo ermitan Gorbeiako Parke Naturalean sartuko da lasterketa, zati aldapatsuak hasiko dira bertan. Behin hau pasa eta Zanburura iritsi ostean, zuzenean Lekanda gailurrerantz joko dute korrikalariek. Bertara iritsi baino lehen ezkerretara hartuko dute Arrabako landa berdeetara. Handik Egiriñaora abiatuko da lasterketa Gorbeiara igotzeko ohiko bidetik eta bidegurutzean Aldaminapeko bidea hartuta Lanbreabe auzora jaitsiko dira lasterkariak. Azken igoera labur batek San Juan ermitara eramango gaitu berriro ere abiapuntura iritsi aurretik.

200 parte-hartzaileek 11:00etan hasiko dute proba, aurreko bi lasterketen abiapuntu berean.

BOLUNTARIOEI ESKERRAK

Urte hauetan lortutakoa ezinezkoa izango litzateke erakunde eta babesleen inplikaziorik gabe eta duen guztia ematen duen Zeanuri bezalako herri baten ahaleginik gabe. Lasterketak 300 boluntario inguru ditu, eta lan izugarria egiten dute guztiek lasterketa aurrera ateratzeko. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu lasterketaren egunean, aurreko egunetan eta ondorengoetan Gorbeia Suzien aurrera ateratzeko egiten duten ahaleginagatik.

PAGOMAKURRERA AUTOBUS ZERBITZUA

Gorbeia Suzieneko antolakuntzak irailaren 28an, larunbata, Pagomakurretik Gorbeiara igo nahi duten pertsonentzat doako autobus-zerbitzua jarriko du Zeanuritik eta Areatzatik. Autobusek etengabeko zerbitzua eskainiko dute 7:00etatik 16:00etara. Egun horretan Gorbeiara igo nahi duten pertsonei autobus-zerbitzua erabiltzeko eskatu diete antolatzaileek, ibilgailu pilaketak saihesteko eta ingurumena zaintzeko konpromisoari eusteko.

GORBEIA SUZIEN 

2012an aurkeztu zen Gorbeia Suzien jendaurrean. Lehenengo edizio hura Euskal Kopako azken proba izan zen eta ordudanik hazi ta hazi egin da. 2014an Skyrunner National Championship eta Euskal Kopa hartu zituen bere baitan eta harrezkero nazioarteko froga izan da. Nabarmentzekoa da, 2017ko edizioa, Skyrunningeko Europako Txapelketako lasterketa izan zela. Nazioarteko froga izanda, hamaika nazionalitateko korrikalari erakarri ditu Gorbeia Suzienek, hala nola, australiarrak, alemaniarrak, frantziarrak, amerikarrak, italiarrak, espainiarrak, poloniarrak, portugaldarrak, austriarrak, holandarrak…. Hamaika jatorri baina helburu bakarra: Gorbeia Suzien lasterketa irabaztea.

Honako hauek lortu dute helburu hori orain arteko edizioetan:

  • Gorbeia Suzien 2012: Ionut Zinca eta Oihana Kortazar
  • Gorbeia Suzien 2013: Ionut Zinca eta Leire Agirrezabala
  • Gorbeia Suzien 2014: Ionut Zinca eta Maite Maiora
  • Gorbeia Suzien 2015: Manuel Merillas eta Laura Orgue
  • Gorbeia Suzien 2016: Luis Alberto Hernando eta Andrea Gil
  • Gorbeia Suzien 2017: Aritz Egea eta Ingrid Mutter
  • Gorbeia Suzien 2019: Aritz Egea eta Yngvild Kaspersen
  • Gorbeia Suzien 2021: Zaid Ait Malek eta Denisa Dragomir
  • Gorbeia Suzien 2022 Skymasters: Nico Molina eta Vachon Noémie
  • Gorbeia Suzien 2022 Skyrace: Alain Santamaria eta Andrea Garay
  • Gorbeia Suzien 2023 Skyrace: Alain Santamaria eta Clémentine Geoffray

GREEN LABEL. IRAUNKORTASUNAREKIKO KONPROMISOA ETA INGURUMENAREKIKO ERRESPETUA

Gorbeia Suzienen ez dugu mendi lasterketa bat bakarrik antolatzen; natura babesten eta errespetatzen ere aritzen gara. Urtero, Gorbeiako Parke Naturalean egiten dugun probak ingurumenean duen eragina minimizatzen saiatzen gara. Gure helburua “Green CXM Trail FEDME-EUROPARC” zigilu prestigioduna lortzea da. Horretarako, “Naturagune Babestuetan Mendiko Lasterketak Garatzeko Jardunbide Egokien Gida” hitzez hitz jarraituko dugu. Ziurtagiri  horrek iraunkortasun-estandar altuak betetzea eskatzen du hiru fasetan zehar: ekitaldiaren plangintza, gauzatzea eta ebaluazioa.

Ahalegin hau funtsezkoa da Gorbeia Suzieneko edizio bakoitza ingurune naturala errespetatzeko xedean eredugarria dela ziurtatzeko. Gure helburua argia da: ingurumen-kalitatearen bereizgarria lortzea, baina, batez ere, kirol-jarduera benetan iraunkorraren aldeko apustua egiten jarraitzea.

ZUZENEKO EMANALDIA

Gorbeia Suzien lasterketa zuzenean jarraitu ahal izango da telebistaz ETB1en. Teledeportek erreportai berezia eskainiko du.

Horrez gain, streaming bidez ere jarraitu ahal izango da lasterketa Gorbeia Suzieneko Youtubeko kanalean.

BABESLE NAGUSIAK

Gorbeia Suzienek babesle askoren laguntza du: Merrell, Zeanuriko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Eusko Label, Gorbeia Euskadi, OS20, 226ers…

Denen laguntza beharrezkoa da eta antolakuntzatik benetan eskertzen dute egiten duten ahalegina lasterketa eta amets hau egia bilakatzeko.

GS 24 Egitaraua Programa

GS 24 Egitaraua Programa

 

GS 24 Planoa Zeanuri

GS 24 Planoa Zeanuri

SARE SOZIALAK

Webgunea: gorbeiasuzien.eus

Youtube: gorbeia suzien

Facebook: Gorbeia Suzien

Instagram: gorbeiasuzien

X: @gorbeiasuzien

Leave a Comment

Artxibo
Event Search