Krosa Goierri aldean ohitura den moduan, San Silbestre kros herrikoiak jokatuko dituzte bihar.Beasainen eta Legorretan eguerdian izango dira lasterketak eta Ordizian berriz, iluntzerarte itxarongo dute korrika egiteko.
Urtea behar bezala amaitzeko kirola egitea gustoko izaten dute askok eta horretarako aukera izango dute aurten ere kirolzaleek, hainbat San Silbestre kros herrikoi burutuko baitira bihar Goierrin. Eguerdiko hamabiak aldera hasiko dira Beasain eta Legorretakoak eta Ordizian arratsalde partean izango dira gaztetxo eta helduentzako lasterketak.
Gipuzkoan urteko azken egunean lasterketa burutzen hasi zen lehen herria izan zen Beasain, orain dela 35 urte. Ordizia, berriz, bigarren herria izan zen.
Beasaingoa da hiru lasterketetan ospetsuena, nazioarteko korrikalari asko izaten baitira bertan. Kenia eta Marokoko korrikalari ugari biltzen dira Beasaingo lasterketan eta aurten ere izango dute lekua ibilbidean. Iazko irabazlea, Hamid El Mouaziz marokoarra, bertan izango da eta baita beste hainbat korrikalari ezagun ere. Tartean, Elichy Masse, Essraidi Larbi eta Kamal Rachid. Emakumeen artean, berriz, Leah Jerotich, Baghyay Khadija eta Fatima Ayachi izango dira lasterketan.
Txipak dortsalean
Urteroko ohiturari jarraituko diote ibilbideari eta bestelako ezagarriei dagokionean. Iaz martxan jarri zuten sistemaren jarraituko dute korrikalarien denborak neurtzerako garaian. Mikrotxip elektronikoak erabaliko dituzte, baina aurtengoan dortsalean jarrita izango dute eta ez oinetakoetan.
Mikrotxip hauek irteeran aktibatzen dira helmugara iristean denbora automatikoki marka dezaten.
Beasaingo San Silbestre lasterketa eguerdiko hamabietan hasiko da, urteroko ohiturari jarraituz. Barrendain plazatik (tren geltokiaren parean) hasiko da eta 9 kilometroko ibilbidea egin beharko dute korrikalariek. Lehen itzulia izan ohi da motzena: Nafarroa etorbidea-Erauskin aldapa-Oriamendi. Ondoren, hiru itzuli zabalagoak emango dizkiote zirkuito honi: Nafarroa etorbidea-Zaldizurreta-Gipuzkoa plazako zubia-Ezkiaga-Jose Maria Iturriotz-Kale Nagusia-Erauskin aldapa-Oriamendi.
Izen-ematea Beti Bizi elkartean (Oriamendi kalea,2) egin daiteke gaur 18:30etik 20:00etara. Bihar bertan ere egin liteke 10:00etatik 11:45etara geltoki parean bertan. Izen- ematea, gainera, doanekoa da.
Sari ugari
Lasterketaren ondoren sari banaketa izango da Nafarroa etorbidean. Irabazleak 1.200 euro jasoko ditu, bigarrenak 900 euro eta hirugarrenak 600 euro. Helmugara iristen diren lehen hogeita hamar korrikalariek diru-saria jasoko dute. Lehenengo gizonezko eta emakumezko gipuzkoarrek, berriz, 120na euro eskuratuko dituzte eta lehen hamar emakumeek ere 120 euro jasoko dituzte.
Zortzi afari ere zozketatuko dituzte lasterketan parte hartzen duten herritarren artean.
Arratsaldean Ordizian
Goiz Aterpe elkarteak Txindoki Atletismo taldearen laguntzarekin antolatzen du Ordiziako krosa. Biharkoa XXXII. edizioa izango da eta Jose Manuel Caballero atletismo taldeko entrenatzaile ohia omenduko dute seigarren aldiz. 17:00etan aterako dira haurrak adin mailaka eta sexuka bereiztuta, eta itzuli bat emango diote ibilbideari. 18:30ean aterako dira helduak 6.040 metroko luzera duen ibilbidean barrena. 600-700 lagun espero dituzte antolatzaileek, haurrak kontuan hartuta.
Izen ematea Ordiziako kirol dendetan (Ekin, Bikuña eta Urrutia) egin daiteke eta egunean bertan Barrena kultur etxean 16:30etatik aurrera. Doan izango da matrikula.
Legorretan eguerdian
Goierrin beste hirugarren herri batek ere burutuko du San Silbestreko kros herrikoia: Legorretak, hain zuzen ere. Herriko zenbait lagun kalerik kale ibiliko dira lasterrean, eguerdiko hamabietatik aurrera.
Iturria: Goierriko Hitza