Web
Analytics
Herri luzeenean korrika: Hiru Auzoetako Korrikaldia igandean da, Ataunen - Lasterketak.eus Herri luzeenean korrika: Hiru Auzoetako Korrikaldia igandean da, Ataunen - Lasterketak.eus

Herri luzeenean korrika: Hiru Auzoetako Korrikaldia igandean da, Ataunen

Lur sailez, Gipuzkoako udalerri luzeena Ataun da, ertz batetik bestera 14 kilometrorekin. Luzera hori gainditu beharko dute igandean Hiru Auzoetako 31. Korrikaldian ariko diren lasterkariek: 17,3 kilometro, zehatz-mehatz. San Martinen hasi eta bukatu, San Gregorio eta Aia auzoak zeharkatuko ditu, joan-etorriko bidean, Ataungo kros zaharrak.

Ataun Kirol Elkarteak antolatutako korrikaldi herrikoia igandean 11:00etan hasiko da, San Martin auzoko plazan. Beti errepidez, San Gregorio igaro, Kaxetara iritsi, handik Aiako plazaraino igo, eta atzera itzulian Kaxeta-San Gregorio-San Martin bidea egingo dute partaideek.

Ibilbidea bukatzeko gehienezko denbora-muga bi ordukoa da. Denera zazpi sari banatuko dituzte, bukaeran: aurreneko hiru sailkatuek, lehen beteranoek (emakumezkoetan 40 urtetik gora, gizonezkoetan 45 urte), aurreneko ataundarrarentzat, eta lehenbiziko herritar beteranoarentzat jarri dituzte sariak.

Horrez gain, partaide guztiek elastiko bana jasoko dute, probaren oroigarri. Bertako jan-edan produktuak, otorduak eta kirol arropa zotz egingo dute izena emanda daudenen artean.

Marka hobetzeagatik, saria
Urterik urte kirol mailan koska bat gorago joatearren, orain arteko 30 ekitaldietan denbora-marka onenak baino azkarrago helmugaratzen den aurrenarentzat dirutan sari gehigarria ere ipini dute, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan.
Gizonezkoetan, 56:12 minutu da orain arteko errekorra, Pello Garinek jarria. Emakumezkoetan 1:09:24 da hautsi beharreko marka, gainsaria lortzekotan; Maite Maiora elgoibartarrak iaz lortu zuen, aurreko sabaia 35 segundoan jaitsiz.
Igandean, 31. korrikaldirako, berrehun-bat korrikalari espero dituzte. Iaz, esate baterako, 215 lagunek parte hartu zuten, azken urteetako kopuru handiena.

Autoa, ahalik gutxien
Korrikaldia Ataun zeharkatzen duen errepide nagusian garatuko denez, gidariei proba kontuan hartzeko eskatu die Ataun Kirol Elkarteak. Lasterketaren arauzko bi orduetan, igandean 11:00etatik 13:00etara, korrikalariak pasatuko diren bideetan «ahal den neurrian behintzat» autoarekin ez ibiltzeko eskatu dute.
Izena emateko

Aurretik. Interneteko www.herrikrossa.com webgunean. 10 euro.
Egun berean. 10:00etan (hasi baino ordu erdi lehenagora arte). 15 euro.

Iturria: http://goierriekialdea.hitza.info

 

Artxibo
Event Search