Web
Analytics
IGANDEAN, HILAK 16, 500 KORRIKALARI BAINO GEHIAGOK PARTE HARTUKO DUTE BERAKO MENDI MARATOI ERDIAN - Lasterketak.eus IGANDEAN, HILAK 16, 500 KORRIKALARI BAINO GEHIAGOK PARTE HARTUKO DUTE BERAKO MENDI MARATOI ERDIAN - Lasterketak.eus

IGANDEAN, HILAK 16, 500 KORRIKALARI BAINO GEHIAGOK PARTE HARTUKO DUTE BERAKO MENDI MARATOI ERDIAN

BERAKO MENDI ERDI MARATOIA 2023

Larunbatean, hilak 15, Aritz Ganboaren ‘Bideak’ dokumentala proiektatuko da, hitzaldi-solasaldia eskainiz.

Datorren igandean, apirilak 16, 500 korrikalari baino gehiagok Berako Mendi Maratoi Erdiaren hamazazpigarren edizioan parte hartuko dute. Proba baliozkoa izango da Euskal Herriko Koparako, Euskal Mendizale Federazioak eta Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak antolatutako txapelketa bat da, herrialde guztietako kirolariek parte har dezaketen lehiaketa-eredu hau indartzeko, eta Euskal Herriko hainbat lurraldetan zehar gauzatuko dena.

Gainera, Berako lasterketak ere Nafarroako Mendi Lasterketan Zirkuituan ere sartuta dago. Zirkuitua 23 probaz osatuta dago eta Berako proba Nafarroako sailkapenerako baliagarria da. Bertan, lasterketa guztiak puntuatzen dira eta ekainean eta abenduan sariak emango dira erregulartasuna saritzeko.

Oier Ariznabarreta, Berako maratoi erdiko azken zazpi edizioetako irabazlea, irteeran izango da bere zortzigarren garaipena lortzeko asmoz. Durangoko korrikalariak ia ez du aurten mendi lasterketarik egin, baina beste garaipen bat lortu nahi du.

Emakumeznkoen kategorian, Ainara Urrutia, joan den larunbatean Kanarietako La Palma uharteko Reventón Trail maratoia irabazi zuena eta aurtengo denboraldian lau garaipen gehitzen dituena, eta Marina Gonzalez, martxoan Donostia Hondarribia Talaia Trail proban gailendu zena, lehiatuko dira.

70 emakume inguruk parte hartuko dute lasterketan. Korrikalarien artean ez da Luis Lasa tolosarra faltako, zeinek orain arte egindako 16 edizioetan parte hartu duen. Gainera, Berako 34 korrikalari izango dira.

Irteera 09:30ean izango da eta lehen korrikalaria 11:10 aldera iritsiko da.

DENBORA MUGEN ALDAKETA

Parte-hartzaileentzako denbora mugak beherantz aldatu dira. Manttaleren igarotze-denbora mantendu da (55 minutu), baina gainontzekoak aldatu dira. Azken korrikalariak Landagaitatik igaro beharko du (Larunerako joanekoan) ordubete eta 30 minututan eta Larungo pasabidea 2 ordu eta 30 minututan finkatu da. Landagaitaren jaitsierako puntuan 2 ordu eta 55 minutukoa izango da denbora muga, eta helmugakoa 3 ordu eta 20 minutukoa.

GAZTE TRAIL IGANDEAN ERE

Manttalek berriro antolatuko du Gazte Traila, 14 eta 17 urte bitareko gaztetxoentzako lasterketa, oraingo honetan Nafarroako Kirol Jokoetan sartuta dagoena.

Probak bi ibilbide izango ditu gazteen hiru kategorietarako. Txiki Trail lasterketak 5,9 kilometro eta 242 metroko desnibela du, eta haur-korrikalarientzat (2009-2010ean jaiotakoentzat) eta kadeteentzat (2007-2008an jaiotakoentzat) da. Gazte Trail, aldiz, 2005ean eta 2006an jaiotako gazteentzat da, eta 10,2 kilometroko ibilbidea eta 380 metroko desnibela du.

Bi lasterketak 10:10ean hasiko dira eta ibilbidearen lehen zatia (Postaseraino) mendiko maratoi erdian jarraitzen den ibilbidearen antzekoa izango da.

ARITZ GANBOAREN ‘BIDEAK’ DOKUMENTALA

Lasterketaren atariko gisa, apirilaren 15ean, larunbata, 19:00etatik aurrera, Aritz Ganboaren ‘Bideak’ dokumentala proiektatuko da Berako Kultur Etxean. Ganboa, ETB-1eko Biba Zuek! saioko ohiko kolaboratzailea, Xabier Unanuek zuzendutako dokumentalaren protagonista da. Bertan, Arruazu (Sakana, bere aitaren jaioterria) eta Izaba (Erronkariko bailara, amaren jaioterria) lotzen ditu.

Gazta bat motxilan duela, Ganboak 170 kilometroko eta 9.000 metroko desnibela duen zeharkaldia egiten du. Bertan, zubiak zabaltzen ditu landa-munduaren eta hiri-munduaren artean, eta Idiazabal gaztaren izena Erronkari gaztaren izenarekin lotzen du.

Dokumentala ikusteko sarrerak, 5 euro, aldez aurretik Berako Pikabea harategian eros daitezke edo Whatsapp 647296104 zenbakiaren bitartez ere erreserbatu daitezke. Proiekzioaren egunean ere Kultur etxean salduko dira.

LASTERKETA IKUSTEKO TXANGOAK

Lasterketaren egunerako bi txango gidatu antolatu dira korrikalarien ibilbidea ikusteko.

Lehenengo txangoa 08:30ean abiatuko da irteera gunetik Larun aldera, 14 kilometro inguruko ibilbidearekin.

Ordu erdi geroago, 09:00etan, Landagainetara 10 kilometro inguruko bigarren txango gidatua abiatuko da.

PROGRAMA ETA ORDUTEGIAK

2023/4/15                                   LARUNBATA

17.00-18.30 Dortsalak ematea. Berako Kiroldegia.

19.00.  Aritz Ganboaren ‘Bideak’ dokumentala eta hitzaldia-solasaldia. Berako Kultur Etxea.

2023/4/16                                   IGANDEA

8.30 Lasterketaren ibilbidea ikusteko Bera-Larun-Bera txangoaren irteera.

Distantzia: 14 km

9.00 Lasterketaren ibilbidea ikusteko Bera-Usatitas-Landagaita-Bera txangoaren irteera.

Distantzia: 10 km.

8.00-9.00 Dortsalak ematea. Berako Kiroldegia.

9.30 Berako Mendi Maratoi Erdiaren irteera.

10.10 Gazte Trail eta Txiki Trailen irteera.

11.10 Lehenengo korrikalariaren gutxi gorabeherako iritsiera.

12.50 Azkeneko korrikalariaren gutxi gorabeherako iritsiera.

13.30 Sari banaketa eta luntxa.

Leave a Comment

Artxibo
Event Search