- Bizkaiko kostaldeko hainbat parajetatik igarotzen den eta helburu solidarioak dituen kirol-probak, kirolzaleak elkartuko ditu berriro, eta GaituzSport Fundazioari bideratuko dio bildutako diruaren parte bat.
- Kosta Trailek 3 modalitate izango ditu: Mendi Maratoi Erdia (21 km), Mendi Martxa (20 km) eta Familia Ibilaldia (7 km) adin, baldintza eta eskakizun guztietako parte-hartzaileei lekua egiteko.
- Ingurumenarekiko konpromisoak markatuko du hamaseigarren edizioa, probaren aztarna ekologikoa murrizteko
Bilbon, 2022ko martxoaren 15ean. Datorren ekainaren 19an, Kosta Trail formatu presentzialean itzuliko da Uribe Kostako itsaslabarretan zehar egingo den hitzordu solidario eta jasangarriaren hamaseigarren edizioa ospatzera. Berreskuratu den ekitaldia, korrikalariek eta txangozaleek gehien espero duten hitzorduetako bat da; izan ere, 2020an ezin izan zen egin pandemiaren ondorioz, eta 2021ean modu birtualean egin behar izan zen.
Forum Sporten, Salomonen eta Laboral Kutxaren babesari esker, itsasoa eta mendia berriro elkartuko dira hiru modalitateen bitartez esperientzia paregabea eskaintzeko: Mendi Maratoi Erdia (21 km), Mendi Martxa (20 km) eta Familia Ibilaldia (7 km).
Ohi bezala, probak izaera solidarioari erantzuten dio, eta aurten bildutako diruaren parte bat erakunde onuradun gisa errepikatzen duen GaituzSport Fundaziora bideratuko da. GaituzSport Fundazioak aniztasuna errespetatuko duen gizarte inklusiboa eraikitzeko eta desGAITASUNA duten edo ez duten pertsonen artean Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren praktika sustatzeko egiten du lan, baldintza berdinetan eta euren bizi-kalitatea hobetuz.
`Plastiko gutxiago´ Konpromisoa
Proba igarotzen den gune naturalak paregabeak eta ikusgarriak dira, eta, horregatik, zaindu egin behar dira, ingurumen-inpakturik txikiena eraginez. Beraz, elkartasunak ez ezik, Uribe Kostako ingurunearekiko ingurumen-konpromisoak ere markatuko du edizio hau, proban plastikoen erabilera murriztuz. Lasterkari guztiak sentsibilizatu eta inplikatu gura ditu antolakuntzak, eta horretarako hainbat ekintza gauzatuko dira:
- Ingurumenerako neurri onuragarrienetako bat, horniduretan ez dela botilarik emango da, eta, beraz, plastikoen erabilera nabarmen murriztuko dela. Horrela, kirolariek autosufizientzian hartuko dute parte, hornidura puntuetan janaria baino ez baitute izango. Beraz, ura eramateko ontzi propioa erabiltzea gomendatzen zaie.
- Ibilbidean zehar dauden iturrietan bete ahal izango dute euren botilatxoa edo kantinplora. Sopelako Udalaren laguntzari esker, irteera/helmuga inguruan ur puntu gehigarriak jartzeko aukera lantzen ari dira.
- 12000 botilatxo gutxiago. Ur eta edari isotoniko botilatxoak kentzeak probaren alderdi logistikoan kamioien erabilera murriztea ere badakar, ibilbidean 12.000 botilatxo baino gehiago mugitu behar ez izateagatik. Lasterketako hornikuntza-guneetan baino ez dira botilatxoak egongo, lehia-proba delako, baina horien erabilera zonaldea mugatuz arautuko da, lasterkari guztiek hornikuntza-eremutik irten aurretik, zaborra horretarako prestatutako puntuetan utz dezaten.
- Plastikozko 4.500 poltsa gutxiago. Dortsalak eta kamisetak entregatzeko erabiltzen diren plastikozko poltsak kendu egingo dira; beraz, guztira 4.500 poltsa kenduko dira. Plastikozko poltsa bakar batek 50 urte behar izan ditzake degradatzeko, eta haren inpaktuak ekosistema naturalak kutsatzen ditu, itsasoa besteak beste. Bertan poltsak hilgarriak izan daitezke animalientzat, irensten badituzte edo horietan korapilatzen badira.
- Zinta konpostagarriak. Kosta Trailek ez du pinturarik, esprairik edo plastikozko zintarik erabiltzen probaren ibilbidea markatzeko. Edizio honetan baliza berrerabilgarriak eta zinta % 100 konpostagarriak erabiliko dira. Horrek esan gura du botatzen direnean ez dutela kutsatuko, beste materia organiko batekin kontaktuan jartzean deskonposatzen eta ongarri natural bihurtzen hasiko baitira.
- Paper gutxiago. Paper gutxiago erabiliko da, Forum Sport dendetako inskripzio-liburuxkak kenduz, inskripzio guztiak online izango direlako. Edozelan ere, kartel eta seinale berriak egiteko behar den paperak PEFC zigilua izango du (Baso-ziurtagiria aitortzeko programa). Zigilu horrek baso-kudeaketa jasangarria sustatzen du eta hornidura-kate arduratsua errazten du. Beste edizio batzuetatik soberan dagoen materiala ere berrerabili eta aprobetxatuko da.
Horiek dira Kosta Trail ingurunearekin konpromiso handiagoa duen proba izateko hartutako neurrietako batzuk, baina gainerakoak probaren informazio guztiarekin batera kontsultatu ahal izango dira www.kostatrail.com webgunean, bai eta Facebookeko www.facebook.com/kostatrail eta Twitterreko @kostatrail profiletan ere; horietan, parte-hartzaileek probari buruzko aholkuak, gomendioak eta sentsazioak partekatu ahal izango dituzte.