Web
Analytics
Larunbatean izango da Ikaztegietako herri krosa - Lasterketak.eus Larunbatean izango da Ikaztegietako herri krosa - Lasterketak.eus

Larunbatean izango da Ikaztegietako herri krosa

Ikaztegietako XXI. Herri Krosa, larunbatean, hilaren 5ean, izango da. Lehen aldiz, larunbatez, eta gainera arratsaldez izango da. Herrigintza Elkarteak, udalaren laguntzarekin antolatzen du. Antolatzaileen esanetan, «besterik gabe, probatzeagatik aldatu dute eguna eta ordua». Lasterketari hasiera 16:30ean emango diote, eta 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute korrikalariek.

Herrian zehar prestatzen da ibilbidea, eta zirkuitu berari hiru itzuli eman behar izaten diote parte hartzaileek. Izen ematea, aldez aurretik edo egunean bertan egiteko aukera dago. Aldez aurretik eman nahi izanez gero, www.herrikrossa.com webgunean bidez egin daiteke, eta 10 euro ordaindu beharko da. Egunean bertan apuntatuz gero, ordea, 13 euro ordaindu beharko da. 15:00etatik 16:00etara izango da horretarako aukera.

Herriko haurrei ere urtero-urtero ematen zaie korri egiteko aukera, eta aurten ere izango dute beraientzako prestaturiko lasterketa. 16:15ean egingo dute.

Lana eskatzen du lasterketa prestatzeak, eta egunean bertan ere, lagundu nahi duenarentzat lanik ez da faltako.

Pintxoak parte hartzaileentzat ezaguna den moduan, Ikaztegietako Herrigintza elkarteak, lasterketan parte hartzen duten guztientzat pintxoak eta edatekoa prestatzen ditu. Nahiz eta eguna eta ordutegia aldatu, mantendu egingo dute elkarteko kideek ohitura hau. Beraz, korrikalariek, 10 kilometroak lasterka egin ostean, tripa betetzeko aukera ere izango dute.

Lehen hiru sailkatuentzat sariak izango dira, bai emakumeentzat eta gizonentzat. Lehen beteranoek eta herritarrek ere izango dute. Opari bezala, 200 korrikalarientzat kamisetak ere izango dira. Era berean, kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute.

Bazkideen afaria Urteroko bazkariaren ordez, aurten bazkideen afaria izango da elkartean. Lasterketako antolakuntza lanak bukatu eta gero, 20:30ak aldera, mahaiaren bueltan elkartuko dira afari ederra egiteko. Odolki eta mondejoak, arrain zopa, legatza saltsan, txuleta eta postrea izango dituzte afaltzeko. Bukatzeko, kaferik eta koparik ere ez da faltako.

Iturria: http://alegialdea.hitza.info

 

Artxibo
Event Search