Web
Analytics
Mariren Kobak Trail-ean finisher lehen eta bakarra - Lasterketak.eus Mariren Kobak Trail-ean finisher lehen eta bakarra - Lasterketak.eus

Mariren Kobak Trail-ean finisher lehen eta bakarra

MARIREN KOBAK TRAIL

Pablo Angulo izan zen azaroaren 11n Urigoiti auzoa (Orozko – Bizkaia) eta Zegama (Gipuzkoa) lotu zituen lehenengo parte-hartzaile eta bakarra. Supelegor (Gorbeiako parke naturala), Ezkilar (Urkiolako parke naturala) kobazuloak zeharkatu zituen, eta, eguraldiaren eraginez, Aketegiko kobazuloa (Aizkorri-Aratzko parke naturala) Aketegiko gailurrarengatik aldatu zen.

07:00etan puntuan, Gorbeiako magalean kokatutako Urigoiti auzoan, Mariren Kobak Trail lasterketaren lehen edizioari irteera eman zitzaion, atsedenik gabeko euriaren azpian. Euskal Herriko berezko klimatologiak, abentura euskal mitologiarekin eta mistizismoarekin lotzeko jolastoki ezin hobea sortu zuen.

Irteera hartu zuten 21 partaideak berehala iritsi ziren Supelegor kobazulora, non bertan Mari eta Basajaun zituzten zain. Eta baimendutako lehen asistentzia-puntuan, Barazar mendatean, buruan zihoan hiru partaideko taldetxoa iritsi zen; Pablo Angulo bizkaitarra, Ruben Marc Cano castellotarra eta Iker Karrera gipuzkoarra. Bost minutu eskasera, bigarren taldea iritsi zen Uxue Fraile beteranoa eta Olatz Azazeta eta Jon Artetxe abenturako benjaminekin. Hori izan zen abenturaren dinamika, parte-hartzaileek abentura eta barreak partekatu zituzten taldetxo ezberdinetan.

Bigarren kobazuloan, Urkiolako parke naturalean Anbotoren magalean, Ezkilarreko kobazuloan, bigarren harriarekin Galtzagorriak zain zituzten, bertaratutako 18 parte-hartzaileei emateko.

6 parte-hartzailek bakarrik lortu zuten azken asistentzia-puntua igarotzea, azken igoera handiari eta helmugarako jeitsierari aurre egiteko denbora nahikoarekin. Haizeak eta eguraldi txarrak eraginda, antolatzaileek Aketegiko koba (sarbide zaila duena) Aketegiko tontorrarengatik aldatu zuen. Hiru korrikalariko lehen taldea iritsi zen tontor horretara, baina bakoitzak bide desberdin bat hartu zuen jaisteko. Pablo Angulo Berangoko raider eta korrikalaria izan zen jaitsieran gehien arriskatu zuena, eta Zegamako plazan zegoen helmugara 11 ordu eta 30 minututan iristea lortu zuen, eta 83km eginda, antolakuntzak jarritako 12 orduko langaren barruan sartu zen bakarra.

Behin helmugan, bizkaitarrak esan zuen “orientazioaren gaia apur bat nahasten zuela mendiko lasterketekin eta horrek lasterketari puntu ezberdina ematen ziola”, eta hori guztia Euskadin dauden parke natural nagusiengatik.

Helmugan bigarrenak, Castelló-ko Ruben Marc Cano korrikalariak, 12 ordu eta 9 minutu behar izan zituen eta guztira 85km egin zituen. Amezketako korrikalariak berriz, Iker Karrerak, minutu batzuk gehiago behar izan zituen eta “justu-justu nentorrela ikusten nuen eta ipurdia estutzen saiatu naiz, baina ezin izan dut. Baina berdin dio, hiru kobazuloetako hiru harriak etxerako dira eta ibilbidean gozatu dudanarekin geratzen naiz “. Gipuzkoarrak Transgrancanaria 360 lasterketan parte hartuko du asteazkenean, erreleboka, Zigor Iturrietarekin. Formatu oso interesgarria zela eta etorkizun ona izango zuela iragarri zuen.

19:30ak jo baina lehen, Uxue Fraile eta Olatz Azazeta oso irribarretsu iritsi ziren helmugara, abentura osoa elkarrekin egin ondore. Korrikalari donostiarrak esan zuen oso pozik zegoela helmugara iritsi zelako eta abentura Olatzekin eta hasieran Jonekin partekatu zuelako (hirugarren asistentzia-puntuan erretiratu da). Marirekin topo egin duenean, “begietara ez begiratzen saiatu naiz eta leizetik atzeraka ateratzen”, Euskal Herriko antzinako legeak agintzen duen bezala. Abenturako gazteenak, 25 urte besterik ez dituen, Olatz Azazeta altsasuarra, oso eskertuta zegoen antolakuntzarekin eta abentura partekatu duen kideekin, eta datorren urtean errepikatzea espero du. “Niretzat esperientzia izugarria izan da, erabateko abentura oso osorik. Gure etxeko leku enblematikoenetatik egindako ibilbide basati, oso polita “, adierazi du.

Helmuga igarotzen azkena Joseba Calzada bizkaitarra izan zen, Raid-etako korrikalaria. Parte-hartzaile guztientzat, bai Zegamara iritsi zirenentzat, eta bai bidean geratu zirenentzat, abentura ikaragarria izan zen, eta lehen kobazuloko harria bakarrik lortu zuen korrikalari batek “bere bizitzako esperientziarik onenetakoa” izan zela adierazi zuen.

Datorren urtean abentura errepikatuko den ikusi beharko dugu.

Informazio gehiago gure instagram-ean @marirenkobaktrail.

Leave a Comment

Artxibo
Event Search