Web
Analytics
Mila lagun baino gehiagok eman dute izena San Silvestrerako Donostian - Lasterketak.eus Mila lagun baino gehiagok eman dute izena San Silvestrerako Donostian - Lasterketak.eus

Mila lagun baino gehiagok eman dute izena San Silvestrerako Donostian

Ohiturari jarraiki, aurten ere San Silvestre izango da urteko azken lasterketa. Amara Kirol Elkartea da abenduaren 31ko lehiaren arduraduna eta deia egin nahi izan du, partaideek izen emateak lehenbailehen egin ditzaten. Izan ere, iaz korrikalari askok azken momentura arte itxaron zuten eta, ondorioz, batzuk ezin izan zuten parte hartu. Hori bai, Internet da izen emateko modu bakarra, aurten ezingo baita kirol dendetan izena eman eta lasterketaren egunean bertan ere ez dituzte onartuko. Edonola ere, dagoeneko mila lagun baino gehiagok eman dute izena eta antolatzaileen asmoa 2.500 partaide biltzea da. Izan ere, iaz 2.000 korrikalari batu ziren hiriko kaleetan eta oraindik ere gehiago izatea nahi dute.

Behin izena emanda, abenduaren 28, 29 eta 30 izango dira dortsalak eta txipak jasotzeko egunak. Donosti Berri elkartera joan beharko da horretarako –Easo plazaren ondoan dago kokatua, Amara Zaharreko Osasun kalean–.

Aldaketak, ibilbidean
Berrikuntzen artean, aurtengo krosa Kirolprobak-en barruan dagoela da. Hainbat herritan antolatzen diren lasterketek osatzen dute Kirolprobak, Liga bat osatuz eta, noski, San Silvestre da urtea itxiko duena. Ligako lehia guztietan txip hori berarekin parte har daiteke, baina horrelakorik ez duenak alokatu edo erosi egin beharko du, beharrezkoa baita gainean eramatea. Txiparen jabe izateak izen emate prezioan eragina du.

Ibilbidea erreparatuz, zortzi kilometro eta erdi inguruan ibiliko da, baina aldaketa batzuk izango ditu, Kontxan egiten ari diren aparkalekuko lanak direla eta. Beraz, Kontxa pasealekutik joan beharrean, Londres Hotelaren parera iristean, Askatasunaren hiribidetik igaroko da bidea. Gero, Miramar eta Hernani kaleetatik egingo du aurrera eta Parte Zaharreko kale nagusitik sartuko da. Gero, aurrera egingo du, Easo kaleko helmugara iritsi bitarte. Ordutegia ere, ez da berdina izango, iaz 16:00etan hasi zen arren, 15:00etara itzuliko baita.

Kolore guztietako sariak egongo dira eta irabazleak Gabonetako oparia, txapela eta kirol materialean gastatzeko 400 euroko txartela jasoko du. Hurrengo lau sailkatuek ere sariak izango dituzte eta partaide guztien artean ezusteko opariak zozketatuko dituzte. Bestetik, mozorroturik parte hartuko dutenen artean onena sarituko dute eta mozorrotutako guztien artean Gabonetako saskia zozketatuko dute.

  • Zer. 2010eko azken lasterketa, 26. San Silvestre donostiarra.
  • Noiz. Abenduak 31, 15:00etan.
  • Distantzia. 8’2 kilometro inguru.
  • Izen ematea. www.kirolprobak.com.
  • Azken eguna. abenduak 28.
  • Prezioa. 9 euro (txipa dutenek), 12 euro (txipa alokatuz), 24 euro (txipa erosi ezkero).
  • Informazio gehiagorako. Telefonoz: 605 70 95 20 edo posta elektroniko bidez: [email protected]

 

Iturria: www.irutxulokohitza.info

Artxibo
Event Search