Oier Ariznabarreta (Durango), ordu bat, 39 minutu eta 38 segundoko denborarekin, eta Ainhoa Sanz (Urretxu), ordu bat, 56 minutu eta 56 segundoko markarekin, izan dira gaur Beran (Nafarroa) ospatu den Mendi Maratoi Erdiko hamabosgarren edizioaren irabazleak. Ariznabarretak ez du arazorik izan seigarren aldiz jarraian gizonezkoen kategorian gailentzeko, Walter Bezerra eta Xabier Zarranzen aurretik, 21 kilometro eta 2.700 metroko desnibela duen ibilbidean.
Ariznabarreta lehenengo metrotik jarri da lasterketaren buru, eta Larunen, bidearen punturik altuenean, 3 minutu baino gehiagoko tartea zuen.
Oierrek ezin izan du 2014an berak jarri zuen errekorra hobetu, ordu bat, 37 minutu eta 30 segundoko denborarekin. Ibardingo tarteko helmuga, 150 euroko sariarekin, Ariznabarretak eraman du baita ere.
Emakumezkoen kategorian Ainhoa Sanzek irabazi du lehenengo aldiz, eta gainera errekorra hobetuz. Goierri Garaia taldeko korrikalaria ibilbidea 2 ordu baino gutxiagotan egitea lortu duen lehenengo emakumea izan da, Berako Mendi Maratoi Erdia ospatu den 15 urte hauetan, eta Laura Solak 2014an egindako errekorra (2:00:10) puskatu du. Oihana Kortazar, bigarren sailkatua, 2 ordutatik jaistetik hurbil egon da ere, 2 ordu eta 45 segundoko denborarekin. Podioa Maria Zorrozak bete du 2:03:20 denborarekin.
Beratik Ibardinerako gazte trailean, 14 eta 17 urteen arteko gazteen lasterketan, Peio Iturria, Oihan Pikabea eta Jokin Irazokik irabazi dute, eta emakumeen kategorian Ainhoa Etxegarai gailendu da Lorea Zubietaren aurretik.
Taldeka Goierri Garaia taldeak irabazi du, Idiazabalen aurretik.
Guztira 543 korrikalarik parte hartu dute frogan, zeinetatik 532k bukatzea lortu dute. Lasterketa ikusten egon den jendarte anitzak eguraldi fresko batean, baina eguzki zein euririk gabe, eman den lasterketaz gozatu ahal izan du. Ez da nabarmendu beharreko gertakari larririk egon.
Izabako Txapatera landetxean asteburu baten zozketako boleto saritua 98 zenbakiduna izan da.
200 haur baino gehiago larunbateko lasterketetan
Larunbatean egin ziren haurren lasterketen lehenengo edizioa arrakasta haundi bat izan zen. 220 haur inguruk hartu zuten parte, mutil zein neskak, Matzada futbol zelai inguruan adinka eta luzeeratan banatuta egin ziren frogetan.
Lasterketa bukatzean gaztetxoek korrikalariaren poltsa bat eta txokolatadaz gizatu ahal izan zuten.
Horren ondotik, Berako kultur etxean Iker Karreraren solasaldi interesgarria egon zen, Unai Ugartemendia kazetariak moderatuta.
ARGAZKIAK:
Mundutik begietara
SAILKAPENAK:
Kaixo,,nola bidaltzen aldut argazki batzuk gaurko lasterketaren argazkiak?agurrak,.
Kaixo Isidro, jaso ditugu. Mila esker! Laster jarriko ditugu!