Web
Analytics
Oier Ariznabarreta eta Nerea Amilibia Larraulgo I. Mendi lasterketako irabazle - Lasterketak.eus Oier Ariznabarreta eta Nerea Amilibia Larraulgo I. Mendi lasterketako irabazle - Lasterketak.eus

Oier Ariznabarreta eta Nerea Amilibia Larraulgo I. Mendi lasterketako irabazle

Eguraldiak lagunduta 190 korrikalari inguru elkartu ziren igandean Larraulen I. Erniorainoko mendi lasterketan. Jende ugari gerturatu zen plazara lasterketaren irteera eta helmuga ikusteko. Korrikalariek 15,5 kilometro osatu behar zituzten, Larraulgo plazatik Erniora eta buelta, bide ezberdinetik. Aurreko egunetako euriak bidea zerbait zaildu bazuen ere, antolakuntzak aurreikusitako denbora baino lehen osatu zuten lehenengo sailkatuek egin beharreko itzulia eta 12:00ak baino lehen lasterketari ugari iritsiak ziren jada helmugara ikusleen txalo artean.

Koldo Irazuri aipamena
Irteera Elizako ordulariak 10:30ak jo bezain pronto eman zen. Hala ere, antolakuntzak, hasiera eman aurretik Koldo Irazu herritarrari aipamen berezia egin nahi izan zion, urtero korrikalari bati eskaini nahi dion omenalditxoaren baitan lehenengoz. Irazu gaztetan hainbat karrera federatu egindakoa da, horien artean, herri krosak, maratoiak eta erdi maratoiak, eta, esaterako, Behobia-Donostia proban bosgarren postua lortu zuen 1:03’03″ko denborarekin.

«Banekien lasterketa antolatu behar zutela baina egun baino lehenago abisatu zidaten errekonozimendu hau egin nahi zutela. Ez nuen espero baina oso ondo egon da», zioen Irazuk. «Horrelako zerbait antolatzea hemen inguruan ez da erraza baina oso ondo dago, nire garaian ez zegoen mendi lasterketarik».

Antolakuntzak Larraul-Ernio-Larraul lasterketako 1 zenbakidun dortsala eman zioten, aurtengo lasterketako kartela eta plaka oroigarri batekin batera. Bera izan zen gainera lasterketaren hasierako tiroa bota zuena.

Lokatza eta animoak
Giro ezin hobea bizi izan zen lasterketan, bai parte hartzaile baita ikusleen aldetik. Korrikalariek antolakuntzaren lan ona aipatu zuten, «ibilbidea eta kontrol guneak oso ondo markatuak zeudelako», adierazi zuten Legazpiko Beñat Aierbe eta Diego Limonek eta Villabonako Hassan Aitchaou, bigarren sailkatuak. «Lokatza asko zegoen baina ikusleen animoek indarra eman dizkigute», zioten Andoaingo Victor Uriak, Andoni Izagirrek eta Roberto Fillerok. Proba amaitutakoan parte hartzaile guztientzat masajeak zeuden Udaletxeko sarreran, atzealdean dutxak zeuden eta Katillutxulo elkartean hamaiketakoa zegoen, egindako esfortzua errekuperatzeko.

Erniora iristen 45 minutu eskas behar izan zituen irabazleak, Oier Ariznabarretak, eta lehenengo postuan egin zuen ibilbidearen gehiengoa. Helmugara 1:12’27″ko denbora bete ondoren iritsi zen, bigarren sailkatua izan zen Hassan Aitchaou baino 13 segundo lehenago. Hirugarrena Jon Iturralde izan zen, 1:15’12″ko denborarekin. Herriko lehen gizonezkoa, Jon Urkaregi, ordu erdi beranduago sartu zen helmugan, 1:46’21″ko denboran.

Lehenengo emakumeak ordu bete eta bost minutu behar izan zituen Ernio gainera iristeko. Lasterketako lehenengo emakumea Nerea Amilibia izan zen eta 1:32’05” behar izan zituen ibilbidea osa-tzeko. Bigarrena Leire Elosegi izan zen, 1:37’27″ko denborarekin, eta hirugarrena Eva Pelaez 1:40’33″ko denborarekin.

Iturria: www.diariovasco.com

 

Artxibo
Event Search