2024ko apirilaren 28a.- Kortazarrek irabazi du Oñatin jokatu den proba, Golden Trail National Series-en egutegian bigarrena, 2h23:03ko denborarekin
Oihana Kortazar: “Pozik nago taktikak funtzionatu duelako. Lasterketa ikusgarria da eta jendetza izugarria izan da mendian, Zegama txiki bat zirudien”
Publikoak giro ikusgarria sortu du lasterketa osoan zehar, eta EITBtik zuzenean jarraitu ahal izan da
Igande honetan itzuli dira Golden Trail National Series lasterketak, urtero jendearen giro bikainagatik arrastoa uzten duen lasterketa berezi batekin. Aloñako Igoera da, Oñatin jokatzen den Zegama Aizkorrirekin batera Euskal Herriko mendi lasterketarik zaharrenetakoa. Oihana Kortazar Salomon taldeko atletak pronostikoak onak egin ditu eta emakumezkoetan 2h23.03ko denborarekin gailendu da. Gizonezkoetan, berriz, Ibai Larreak duela 14 urte ezarritako errekorra lau segundoan jaistea lortu du eta 2h00.00eko denbora sinatu du.
“Erritmo altuan irteten saiatu naiz, ahalik eta lasterren nire aurkariak izan zitezkeenetatik urruntzeko. Berehala konturatu naiz Lide Urrestarazu nire ondoan zegoela. Lau bat kilometro besterik ez dut egin buruz buruko posizio horretan, eta Lide pasa egin zait, aldapa gora nirea baino erritmo hobea zeramalako. Beraz, bera aurrean joaten uztea erabaki dut, ezin bainion jarraitu. Zentzuzko distantzia bat mantendu dut harekiko, ezin niolako jarraitu, eta gero jaitsieran harrapatu eta ihes egiten saiatu naiz. Hori izan da taktika eta horrek funtzionatu dit. Azken kilometroetan bereziki indartsu sentitu naiz”, azaldu du Oihanak 22,6 kilometro eta 1.800 metroko desnibel positiboa egin ondoren, igoera gogor handiekin: Aloñarako irteera, Buetraitz, Akaitz eta Arriurdin gailurrak, Artzanbururaino (1.368 metro). “Jendearena izugarria izan da mendian, jendetza zegoen, Zegama txiki bat zirudien. Euskal zaletasunaren isla garbia izan da. Tridente eta bengalarekin, deabruaren irudiarekin helmugara iristea… oso polita iruditzen zait “, amaitu du Kortazarrek.
Aloñako Igoera Golden Trail National Series 2024ko bigarren proba da, martxoaren hasieran jokatu zen Portugalgo Louzantrail lasterketaren ondoren. Hurrengo ekitaldiak Núriako Lapikoa (irailaren 15ean) eta Salomon Mitja Pirineu (urriaren 6an) izango dira. Zirkuituko lehen sailkatuek Golden Trail World Serieseko final handirako txartela lortuko dute.