Web
Analytics
Sergio Serrano eta Elena Calvillo izan dira lehen goierritarrak Idiazabalgo herri krosean - Lasterketak.eus Sergio Serrano eta Elena Calvillo izan dira lehen goierritarrak Idiazabalgo herri krosean - Lasterketak.eus

Sergio Serrano eta Elena Calvillo izan dira lehen goierritarrak Idiazabalgo herri krosean

Toñin Blanco gasteiztarrak irabazi du gizonezkoetan, Idiazabalgo 32. Herri Krosa, eta emakumezkoetan, Nerea Etxeberria azpeitiarrak. Iaz ere bera izan zen txapela etxeratu zuena. Helmugan sartzen lehen goierritarrak Sergio Serrano eta Elena Calvillo izan dira, eta horrenbestez beraiek jaso dute Hitza saria.

 

Igande goizean 10:45ean hasita benjaminek, alebinek eta infantilek korrika egin zuten. Proba nagusia eguerdiko hamabietatik aurrera jokatu zuten. Kadeteek 3.511 metro egin behar izan zituzten helmugan sartu aurretik eta helduek berriz, 10.182 metro.

Proba nagusian 640 lagunek parte hartu zuten, iaz baino 20 gehiagok, eta 617k bukatu zuten. Antolatzaileak oso gustura daude kopuru horrekin «eguraldi bustia eta hotza egin baitu».

Blanco eta Gartzia batera
Helduetan, Toñin Blanco gasteiztarra eta Endika Gartzia lasartearra jarri ziren lasterketaren buruan, eta elkarrekin egin zuten ibilbidearen zatirik handiena. Azken metroetan Blancok aurre hartu zion Gartziari, eta berak etxeratu zuen txapela. Blancok 33 minutu eta 40 segunduko denbora egin zuen. Hamazazpi segundu gehiago behar izan zituen Gartziak helmugan sartzeko. Hirugarren Alberto Ibañez geratu zen 34 minutu eta 16 segunduko denbora eginda.

Pozik zegoen Blanco garaipenarekin. Idiazabalgo proba ezagutu arren, bertan parte hartzen zuen lehendabiziko aldia zen. Ibilbidea gogorra baina polita iruditu zitzaion. Endika Gartziak gaizki pasatu arazi ziola aitortu zuen «nik uste nuena baino indartsuago zihoan, dena emanez. Bukaeran, ordea, konturatu naiz mugara iritsi dela, eta ezin zuela gehiago. Orduan egin dut aurrera».

Hotza egin arren, segituan berotu zela eta beraz, gustura sentitu zela aipatu zuen gasteiztarrak. «Ikusleen jarrera azpimarratzekoa izan da. Gipuzkoan orokorrean asko animatzen dituzte korrikalariak. Zentzu horretan, arabarrak motelagoak gara».

Elena Calvillo bigarren
Emakumezkoetan, Elena Calvillo goierritarra lehendabiziko postuan joan zen ia bukaerara arte, baina azkeneko momentuan Nerea Etxeberriak aurre hartu zion eta beraz, azpeitiarrak jantzi zuen txapela, 40 minutu eta 17 segunduko denbora eginda. Calvillo irabazlearengandik bederatzi segundura sartu zen helmugan. Hirugarren, Izaro Rubiok egin zuen 40 minutu eta 46 segunduko denborarekin.

Iaz ere Nerea Etxeberria izan zen Idiazabalgo herri krosa irabazi zuena. Jada hainbat urte daramatza bertan parte hartzen. Zentzu horretan bere ustez «abantaila da ibilbidea ondo ezagutzea». Hasiera batean seigarren postuan zihoan, baina piskanaka hainbat korrikalariri aurre hartzea lortu zuen. Azken metroetan Elena Calvillori ihes egin zion, eta helmugan sartzen lehendabizkoa izan zen. «Elena Calvillo eta biok antzera ibili gara lasterketaren bukaeran, eta azkeneko momentuan gehien eutsi dionak lortu du txapela janztea. Dena den, berak ere irabaz zezaken proba». Horrelakoetan egun ona tokatzea ere funtsezkoa da Etxeberriarentzat. «Itxura denez nik eguraldi hotzarekin ondo korrika egiten dut, eta gustura sentitu naiz. Bukaeran zortea nire alde eduki dut».

Datorren urtea urruti egon arren, egutegian gurutze bat egingo du Idiazabalera joateko. «Normalean hotza egiten du, eta hasieran alferkeria piska bat sentitzen dut, baina gero oso gustura etortzen naiz, probarengatik, sariengatik, antolakuntzarengatik eta giroarengatik».

Iturria: http://goierrimendebaldea.hitza.info

Artxibo
Event Search