Maiatzaren 24an jokatuko da Buff SkyRunner World Series-eko bigarren proba
Zegama-Aizkorri maratoia mendi lasterketetako munduko zirkuitura itzuliko da 2009an. Aurten Europako txapelketa ebatzi baldin bazen, 2007ko lorpena berreskuratuko du Zegamako antolakuntzak. Buff SkyRunner World Series munduko kopako zazpi lasterketetako bat izango da Zegama-Aizkorri. 2009ko maiatzaren 24an jokatuko da, ohi bezala Zegaman hasi eta bukatuta. 42 kilometro pasatxoko ibilbidea izango du, Aizkorriko mendizerran barrena.
Mendi lasterketen muduko kopak zazpi proba izango ditu datorren urtean. Apirilaren 18an hasiko da, eta urriaren 24-25ean bukatu. Zegama-Aizkorrik bigarren jardunaldia osatuko du.
Aurten Kilian Jornet kataluniarrak (gizonezkoetan) eta Corinne Favre frantziarrak (emakumezkoetan) irabazi dute munduko mendi lasterketen kopa.
Mendi lasterketen munduko kopa 2009. Egutegia.
-Apirilak 18: Costa Rican, Cordillera Volcanica mendizerran.
-Maiatzak 24: Zegama-Aizkorri.
-Ekainak 28: Andorran. La Massana gunean, Vallnord Sky Race proba.
-Uztailak 26: Premana, Lecco (Italia). Giir di Mont Sky Marathon.
-Abuztuak 16: Colorado (AEB). Pikes Peak Marathon.
-Irailak 5: Fort William (Eskozia). The Ben Nevis Race.
-Urriak 24 eta 25: Borneo (Malaisia). Kinabalu mendiko Climbathon-a.