Web
Analytics
Zirkuitu hobean arituko dira - Lasterketak.eus Zirkuitu hobean arituko dira - Lasterketak.eus

Zirkuitu hobean arituko dira

Donostiako Nazioarteko Krosa berrikuntzekin dator, ikusleengana gehiago hurbiltzeko asmoz

Donostiako Nazioarteko Krosa etengabeko aldaketetan sartua dago, aspaldian beheraldian bait zebilen. Aurtengoa 57. lasterketa izango da eta urtarrilaren 29an jokatuko dute. Aldaketak onerako datoz zalantzarik gabe, izan ere, zirkuitu hobea izango du Gipuzkoako Atletismo Federazioak eta Fly Group enpresak antolatzen duten lasterketak . Ibilbidea berria izango da, beraz, ikusleengana gehiago iristeko eta lasterketako kategorien neurri berriei egokitzeko. Hori bai, antolakuntzak argi utzi nahi izan du urez betetako zuloa eta sakongune naturala bere horretan mantenduko dituela. Gainera, oztopo berriren bat ere jartzea pentsatzen ari omen dira.

Euskadiko Txapelketa
Donostiako Hipodromoan jokatzen den lehian parte hartzea garrantzitsuagoa izango dela esan daiteke. Izan ere, Euskadiko Txapelketa ere barneratuko du. Hala, antolatzaileak ziur daude horrek partaidetza handiagotuko duela. Maila guztietako kideek kontuan izango dute zer ari diren jokatzen, onenek martxoaren 4ko Espainiako Txapelketarako txartela lortuko baitute. Horrek, ordea, ez du kenduko urtero parte hartzen duten nazioarteko maila handiko korrikalariak ere bertan izatea.

Ordutegietan ere aldaketak egingo dituzte, maila bakoitzeko distantziak aurreko urteetakoekin alderatuz desberdinak izango direlako. Itzuli txikiak 950 metro izango ditu, ertainak 1.375 metro eta handiak 1.950 metro. Lehenak kadeteak izango dira eta 10:15ean hasiko dira; azkenak, berriz, gizonezko beteranoak, 12:45ean irtengo dira. Bestetik, iazko deialdiak izandako arrakasta ikusita, aurten ere ibilgailu klasikoak bilduko dituzte lasterketa inguruan.

Iturria: http://irutxulo.hitza.info

Artxibo
Event Search